Galaxiaren Lorategia

AURKEZPENA

Zientzia eta ingurumen-dibulgazioko proiektua. Hezkuntza-entitate, kolektibo eta irabazi asmorik gabeko elkarteek parte hartu dute jarduera honetan.

Iruñeko Udalak Planetarioaren laguntzarekin lorategi berezi bat eraiki du Yamaguchi Parkean. Udalaren Lorategietako Zerbitzuak hautatutako 500 zuhaixka baino gehiagok Esne Bidearen landarezko irudikapena osatuko dute. Zuhaixka bakoitzak Galaxiako eremu zehatz bat ordezkatuko du bere izar, nebulosa, kumulu eta ezaugarri guztiekin.

Jardín de la Gaxia de Pamplona

 

 

BABESLETZAK

Galaxiaren Lorategia 2017 ekainaren 9an ateak ireki zituen, lehenbiziko babesletza fasearen ondoren. Tarte horretan hezkuntza-entitate, kolektibo eta irabazi asmorik gabeko elkarteek  300 zuhaixka baino gehiago babestu zituzten "kosmosaren lorezainak" bihurtuz. Jarduera horretan Lorategien Udal Zerbitzuaren aholkularitza zein Iruñeko Planetarioko irakasle-taldearen informazio galaktiko guztia lagun izan zuten.

2017ko udazkenean babesletzaren 2. faseari ekinen diogu, berriz ere lorategian jendearen parte hartzea bultzatuz. Beste behin ikastetxe, talde eta elkarteak zuhaixka bat babestera animatzen ditugu, eta eskariak kudeatu ondoren, talde desberdinen ordezkariak planetarioan eginen den hitzaldian parte hartuko dute. Ondoren lorategira aterako dira paseotxoa egitera eta euren zuhaixkaren ondoan argazkia ateratzera.

Babesletzak egun hauetan burutuko dira:

  • Abenduaren 23an, larunbata, 11:00tan (euskaraz).
  • Abenduaren 30ean, larunbata, 11:00tan, (gaztelaniaz).


Jarduera (hitzaldia+babesletza) doakoa izanen da eta ordu bat iraunen du gutxi gora behera. Gelaren eserlekuak mugatuak direnez eskariak iritsiera-ordenean kudeatuko dira.

Zuhaixka babesteko bi eredu mota daude. Aurrez-aurreko babesletza (planetarioko ekitaldira etortzea eskatzen duena) eta babesletza ordezkatua ( bertaratu ezin direnentzat). Eskaera-galdetegian babesletza mota hautatu beharko da, eta etorri ezin direnen kasuetan, lorezainek edota planetarioko langileek parte hartuko dute argazkian (lehenbiziko fasean egin bezala).

AURKITU ZURE ZUHAIXKA!

Zuhaixka bat babesteak ikastetxe, talde edo elkarteen izena Udalaren Lorategietako Zerbitzuak hautatutako landareari ematean datza. Zenbait talde zuhaixka landatzera etorri dira eta beste batzuk ordezkatutako babesletza hautatu dute, modu honetan, zuhaixkaren landaketa udaleko zein planetarioko langileen eskuetan utziz. Ereduaren jatorrizko sortzailea Jon Lomberg da eta egokitzapena Udalaren Lorategietako Zerbitzuak gauzatu du.

Plano del Jardín del Galaxia de Pamplona. 

Iruñeko Galaxiaren Lorategia.

Gure buletinean izena emanez gero, prestatzen ditugun jarduera guztien berri izanen duzue.