Zabalik da Galaxiako Lorategia, UNESCOk zuhaixka landatu eta gero, zeinen diseinuaren arabera Eguzki Sistema eta Lurra bertan egongo liratekeen

2017/06/09

Alkateak, kontseilariak eta UNESCOko ordezkariak haien nahiak idatzi eta “denboraren kapsula” batean sartu dituzte, gaurko NAOarekin batera

Iruñeko Galaxiako Lorategia zabalik da. Gaur goizean irekiera-ekitaldi formala egin da, Orionen besoko azken bi zuhaixkak landatu ondoren. UNESCOk sahats tantotu bat landatu du eta Planetarioen Nazioarteko Elkarteak (IPS) Siriako arrosondo bat. Iruñeko alkate Joseba Asiron, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera, eta UNESCOko Zentro eta Kluben Espainiako Federazioko lehendakari Alberto Guerrero izan dira, besteak beste, ekitaldian.

Halaber, bi zuhaixka hartu dira babesean, denboran luzatuko den metodo baten bidez, zeinak jada landatutako beste 200 zuhaixkak babesean hartzeko aukera eskainiko baitu. Kasu honetan One earth message izeneko nazioarteko proiektuak –Eguzki Sistematik kanpo irudi bateratu bat bidaltzeko lanean dihardu era guztietako artxibo digitalak bidaliz – babestu du zuhaixketako bat, eta beste zuhaixka Naukas plataformak hartu du babesean, zeina zientzia dibulgatzeko gaztelaniazko on line plataformarik handiena baita.

Horren ondoren alkateak, kontseilariak eta UNESCOko Zentro eta Kluben Espainiako Federazioko lehendakariak hartu dute hitza, eta bertaratutakoei zuzendu eta gero, denboraren kapsula batean sartu dituzte hiru idazkiak, non gizateriaren etorkizunerako nahiak biltzen baitziren. Testu horiek, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko gaurko azalarekin batera –gaztelaniaz eta euskaraz– zigilatu egin dira, eta hala mantenduko dira hurrengo 25 urteetan zehar. Iruñeko Planetarioak bere gain hartuko du kapsularen zaintza irekitzen den arte.

Ondoren, bertan zeuden guztiek –Udalbatzako eta NICDO sozietate publikoko kideek, Planetarioko kudeaketa taldekoek, Nafarroako Unibertsitate Publikokoek, Udalaren Lorategietako Zerbitzukoek eta ekitaldia ikustera etorri diren herritarrek– ibilbide bat egin dute lorategian barna, besoen kanpoaldetik Esne Bidearen erdigunea irudikatzen duen iturriraino. Bertan, lupaz lagunduta, Galaxiako Lorategiak irudikatzen dituen eskalen magnitudea balioetsi ahal izan dute.

Esku askoren artean egindako lorategia

Ondoren, bertaratutakoak Planetario barrura sartu dira, eta Ibn Ezra aretoan Jon Lombergek inaugurazio-ekitaldirako bereziki grabatu duen mezu bat ikusi dute. Jon Lomberg dibulgatzaile zientifikoa da eta Cosmos telesaileko infografista, bai eta lorategiaren ideiaren diseinatzailea ere. Halaber, Lombergek berak eraiki zuen Hawaiin halako lorategi bat. Gero, Iruñeko Planetarioko Didaktika arduradun Fernando Jauregui astrofisikoak, ikus-entzunezko euskarriez lagunduta, lorategiaren eta Esne Bidearen arteko korrespondentziak aztertu ditu, magnitudeak, distantziak eta korrelazioak azalduz.

Ikuspegi zientifikoaren ostean, Galaxiako Lorategia eratzeko prozesuari buruzko azalpenak eman dira, eta osatzeko geratzen diren faseak zeintzuk diren aipatu da. Ideia Jon Lombergek Iruñean eman zuen hitzaldi batean sortu zen. Iruñeko Planetarioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak gonbidatuta etorri zen, eta Udaleko Lorategietako Zerbitzuko arduraduna han zen. 2016ko abenduan, obrak hasi ziren, eta 2017ko urtarrilean landaketa partizipatiboa hasi zen, elkarteetako kideek eta gizarte-, zientzia- eta hezkuntza-kolektiboetako ordezkariek, kosmosaren lorezain direlakoek, egindako landaketekin. Gaur egun, 30 m2-ko eremu horretan, 500 zuhaixka daude landatuta. Horien erdia baino gehiago lehenengo fasean jada babesean hartu ziren.

Hori guztiari buruz hitz egin dute UNESCOko lehendakariorde Ruper Ormazak, NICDO sozietate publikoko zuzendari Javier Lacunzak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektore Alfonso Carlosenak, eta Iruñeko Udaleko Lorategietako Zerbitzuko arduradun Mikel Baztanek.

Udalaren helburuak berdegune honetarako

Galaxiako Lorategiak Esne Bidea irudikatzen du lurrean, dibulgazio zientifikoari bide emanez eta, azken batean, gogora ekarriz zein den gizateriaren eskala unibertsoan. Iruñeko Udalak, Planetarioarekin elkarlanean, nahi du leku hori zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan jende ororendako erreferente izatea, bai eta Iruñeak aisialdiaren eta turismoaren sektorerako beste erakar-gune bat izatea ere. Lorezain boluntarioen bidezko gizarte-inplikazioak bilatzen zuen, baita ere, berdeguneek hiriko guneak eraldatzeko elementu gisa duten eragina ikusaraztea.

Izan ere, Udalak Ondare Berdeari buruz duen kontzeptua islatu nahi du lorategiak. Berdeguneek ingurumenari, paisaiari eta aisialdiari lotuta dituzten balioez gain, Iruñeko Udalak herritarrei helarazi nahi die lorategiek ere beste balio batzuk izan ditzaketela: bioaniztasuna sustatzea, ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioa, klima-aldaketaren kontra borrokatzea, artea gozatzea, eta azken batean, kultura bideragarriago eta kontzientziatuago bat sortzea, ingurunea errespetatuz eta denon artean gozatuz.

Galaxiako Lorategia. Zenbait datu:

· Esne Bidea irudikatzen du eskalan.

30 m2-ko lorategia da, espiral itxurakoa, lore-zuhaixkekin egina. Besoen arteko zorua elkorra eta iluna da, eta zapaltzean zirtakatzen duen materialean egina dago, materia ilunak izarren artean egiten duten gisan. Lorategiaren erdigunean iturri bat dago, Esne Bide erdiko zulo ilunaren irudikapen gisa. Salto egiten duen urak zulo ilunaren inguruan ikusi diren materia-zorrotadak irudikatzen ditu. Erramuzko landare-hesi batek inguratzen du lorategia.

· Lanen hasiera: 2016ko abendua.

· Landaketaren hasiera: 2017ko urtarrilaren 17a.

· Diseinuaren besoetan 500 zuhaixka landatu dira: 300 lehenengo fasean, eta gainontzekoak bigarren batean, babesean hartu gabe.

· Babesean hartu direnen artean, 192 zuhaixka zuzenean landatu dira, eta 115 eskuordetuta landatu dira. Hots, bertaratu ez diren aitabitxien zein amabitxien izenean egin dira. 195 zuhaixka Nafarroako elkarte zein erakundeek landatu dituzte; 91, beste autonomi erkidegoetakoek; 15, estatuko erakundeek; eta 7, nazioartekoek. Azken horien artean daude Behatoki Australa, Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) eta UNESCO.

· Bost barietatekoak dira babespean hartutako zuhaixkak: Hibiscus syriacus (Siriako arrosondoa); Eleagnus ebbingei (eleagnus); Cordyline Indivisa (Red Star); Aucuba japonica (erramu orbanduna) eta Salix integra "Hakuro-nishiki” (sahats tantotua). Haien itxura eta koloreekin irudikatu nahi dira zeru izartsua, nebulosak, izar-hautsa, kumulu globularrak, etab.

· Orionen besoan Lurra, Eguzki Sistema eta Lurretik ikusten den gaueko zerua daude, eta hor landatu dituzte estatuko eta nazioarteko erakunde hauek haien zuhaixkak: UNESCO, ESA (European Space Agency), IPS (International Planetarium Society), ISS (International Space Station) eta ESO (Europako Behatoki Australa). Kokapen horretan ere landatu dituzte zuhaixkak Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorrak eta Hiri Ekologiakoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Iruñeko planetarioak.

· Lehenengo zuhaixka Iruñeko alkate Joseba Asironek landatu zuen, Iñaki Ochoa de Olza BHIarekin batera. Siriako arrosondo bat izan zen, eta bere baitan bi sinbolo biltzen zituen: Esne Bideko nebulosak eta errefuxiatuen krisi humanitarioa.

· Azken zuhaixka Salix integra "Hakuro Nishiki" bat izan da, eta UNESCOko Zentro eta Kluben Espainiako Federazioko lehendakari Alberto Guerrerok landatu du. Eskalaren arabera, hor egongo lirateke kokatuta Eguzki Sistema eta Lurra.

· Lorategi hau munduko bigarrena da, Jon Lombergek Hawain eraikitakoaren ostean, eta Europako lehena.

info+

 

Galaxiaren Lorategia
Galaxiaren Lorategia

Zerrendara itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.