07/04/2015
Zenbat denbora da zerurat begiratzen ez duzula?
Izarpean Oinez Nafarroa Oinezek Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean prestatu duen jarduera da.
Astelehena, asteartea, asteazkena, ortzeguna, ortziralea, larunbata, igandea… eta berriz hastera! Horrela pasatzen ditugu egunak, asteak eta hilabeteak… Egunerokotasunean murgildurik bizi gara, harat-honat, tarrapataka, agendak markatzen dizkigun betebeharrak txintxo betez, eta nahi baino denbora gehiago pasatzen dugu mugikorrari begira, makurtuta, begirada beheitirantz zuzenduta inguruan pasatzen denari kasu egin gabe… Geldialdi ttipi bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu: har dezagun tartetxo bat…. goitirat begira paratzeko!
Zenbat denbora da zerurat begiratzen ez duzula? Udaberriko zeruan zein izar eta konstelazio nabarmentzen dira? Non dago Ipar-izarra? Planetak teleskopiorik gabe ikusten ahal dira?
Iruñeko Planetarioko Tornamira aretoan, kanpoan oraindik ilundu gabe ere, gaua simulatzen ahal dugu eta izarrei begira egoten ahal gara izar proiektagailuari esker. Hori aprobetxatuz, apirilaren 17ko arratsalderako “Izarpean Oinez” jarduera antolatu dugu, bertan elkartu eta egun horretako gaua planetario barnean bistaratzeko aukera emanen duena, zuzeneko musika eta guzti!… Ekitaldia akituta, burua goratu eta zuek izanen zarete egiazko zeruan izarrak ikusteko gai izanen zaretenak!
Datuak
Solasa: Miren Karmele Gomez
Musika: “jorgito&iturria gitarra hegalariak”
Emanaldia euskaraz izanen da eta jende helduari zuzenduta egonen da
Hitzordua: apirilaren 17an (ortziralea) 19:00etan, Iruñeko Planetarioan - Sarrera debalde aretoa bete arte
(Gonbidapenak egunean bertan 18:00etatik aitzin hartu ahal izanen dira, Planetarioan, 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko)

Hamabortz ikastola ari dira Nafarroan eskuararen haziak oparo lora daitezen egunez egun ekinean. Hamabortz herrik marrazten dute Baztan Bailara. Hama… bortz, eta Ama… bat. Ama hizkuntza. Eskuara. Seme-alaba guziok bere altzoan maitekiro hartzen gaituena. Amak erakutsi digu eskuaraz solasten, eskuara maitatzen eta zaintzen. Oinez, urratsez urrats egin dugu eta egiten ari gara gure hizkuntzaren bidea eta, hortaz, oina da gure ikurra.
Hamabortz ikastolek osatutako oina, hamabortz herriek koloreztatutakoa, denok batera, eskuararen alde sendo eginez aitzinet. 1982an bi oin izan ziren gure ikurra, oraingoan bakarra. Eskuarak beti behar duelakoz bulkaldia eta ezinbertzekoa da urratsak egiten jarraitzea. Eskuara osasunez elika dadin ezinbertzekoa baita hauspotzea, zaintzea eta maitatzea.
Volver al listado