Zertarako balio du zientziak

03/04/2014 Duela hilabete batzuk, Heraldo de Aragon egunkariak argitaratu eta Pilar Perlak zuzentzen duen “Tercer Milenio” kazetaritza-ekimen bereziak 20 urte bete zituen. Astero astero, egunkariak iritzi artikuluekin batera zientziarekin eta teknologiarekin lotura duten gaurkotasunezko gaiei hainbat orrialde eskaintzen dizkie, eta horiek oso desberdinak izanik ere, gugan eragiten dutenak dira beti. Argitalpenean zientzialariak (ikertzaile zein akademikoak), teknologoak, dibulgatzaileak, kazetariak, hezitzaileak eta euren burua inplikatuta ikusten duten hiritarrak agertzen dira, eta informazio mota horren garrantzia agerian uzten dute. Izan ere, zoritxarrez, informazio-alor hori bigarren maila batean gelditzen da medioek erakusten dituzten “lehentasunezko gaiak” politika, futbola eta gertarien ingurukoak izan ohi direlako. Aldaketak eragiteagatik gure bizitzan garrantzia duten gauzei buruz pentsatzen hasi ezkero, alor guztien eragingarri gisa zientziarekin lotura duten faktoreak daudela ikusiko dugu. Ingurugiroa, osasuna eta teknologiaren esparruei dagozkienez, horiei buruzko mehatxuak, hautabideak edo aurrerabide proposamenak oraindik testu-liburuetan ez dagoen informazioaren bidetik uler daitezke. Egunero bizitzen dugun mundua ulertzeko ez dira nahikoak “lau arauak” aspaldi esan ohi zen bezala; eta botereen aldetik ekonomia eta ideologia motore nagusi gisa justifikatzen den garai honetan, zientzia eztabaidarako oinarri sendoak xedatzeko giltzarria izan daiteke. Horretarako zientzia ezagutarazi behar da, gurea bezala sentitu behar dugu eta parte hartzailea izan behar du. Aragoiko egunkarira itzulita, bere arduradunek zientzia munduko jendeari eskatu zien zientzia dibulgatzen jarrai zedin arrazoiak eman zitzatela. Iruñeko Planetarioak Javier Armentiaren hitzetan emandako argudioa honakoa izan zen: “Zientzia gogoberotu, hunkitu eta zirrara sorrarazten digulako komunikatu behar da; txikitan, aurreko momentuetan ulergaitzat genuena ulergarri bilakatzen zen unean momenturik goxoena bizitzen genuen. Zientzia-dibulgazioak haur nahiz helduek euren buruei galdera berriak egitea ahalbidetzen du, pentsatzen ez diren ikasitako erantzun automatikoak baztertuz”. Ezin dugu galdu aunitzetan etsaitasunezkoa suertatzen den mundu hau ulertzeko aukera. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko zientzia dibulgatzaile eta zientzialari aparta den Bartolo Luqueren hitzak ekarriz, erranen dugu: Kultura Zientifiko minimorik gabe nola finkatuko du hiritar batek bere jarrera energia nuklearrari buruz, fisioari buruz, klima aldaketaren inguruan, transgeniko edota ekonomiari buruz? Nola egingo die aurre iruzur, pseudozientzia, obskurantismo eta politikari arrazoi eta zientziarik gabe? Teknologia, neurozientzia, psikologia edota soziologiaren inguruko jakintzarik gabe, nola ulertuko dugu zer gertatzen ari den munduan eta zein norabidean goazen? Oinarrian zientzia ez dago ezagutzatik eta kulturatik at. Kultura eta “cultivar” hitzek jatorri etimologikoa partekatzen dute, eta azken finean ez dugu ahaztu behar landatzen duguna, hazten duguna eta elikatzen gaituena dela kultura. Lantzeko eta sortzeko gaitasun horretan oinarritu ziren gizakion mundua eraldatu zuten garapenak, funtsean mundua bera ere eraldatzea ekarri zutenak. Hala ere, sarritan esan ohi dugu gizakia suntsiketa gaitasunagatik oroitua izanen dela. Ekoizten duguna baino gehiago kontsumitzen dugu eta balantza hori orekatzen ez dugun bitartean humanizazio erabatekoa ez dela izango esaten duenik ere bada. Ideia hau energia edo baliabideen eskala batera eramaten badugu, arazoak sustengarritasun, energía-efizientzia eta aldaketa klimatikoaren erronketara garamatza, edota 7.000 milioi pertsona baino gehiago dituen planeta honen kontzientzia komuna bilatzera, milurtekoaren erronketako bat, hain zuzen ere. Edozein kasutan optimismoari heldu nahi diogu eta erronka horiek konpobidea dutela pentsatu nahi dugu, irtenbide horiek zientziaren eskutik etorriko direlakoan. Historian zehar arrazoia baztertu eta obskurantismorantz jo izan denean ez baita gauza onik gertatu, ez du ezer hobetzeko balio izan –ez bada boterearen egituren luzapena eta mantentzea, kasu horietan dogmak arrazoia baino hobe funtzionatzen baitu-. Dena den, bakar batzuek monopolio berriak elika ditzaten, garapenaren aitzakiarekin produktu berrien kontsumitzaile sutsuak izan gaitezen bilatu ohi dute zenbaitek; edota gure mundua osotasunean hobetzea alboratzen duten jarreretara behartzen gaituzte. Zientziaren ezagutza talde horien gain uzten badugu eta desinformatuta jarraitzen badugu, errazago izanen dute gure gaineko kontrola ezartzea. Beraz, balio estrategiko horregatik ere, zientzia (komunikatzen dena, ezagutzen eta eztabaidatzen dena) aldaketaren alde egiteko apustu garbia da. Azaroaren bukaeran Iruñeko Planetarioak 20 urte bete zituen eta 1993. urtetik Eguzkiaren inguruan 20 revoluzio (translazio) osatu genituela ospatzeko, sare sozialen bitartez jendeak epe horretan zein gauza aldatu ziren komentatzeko eskatu genuen #20revoluciones traola erabiliz. Aipamen horiek blogean bildu genituen (http://pamplonetario.org/_old/index.php/-blog/viewpost/455) eta horien bitartez egunerokotasunean ohartzen ez garen aldaketetaz jabetu ginen. Adibidez, informazioaren eta kulturaren munduaren digitalizazioa gertatu izan da, sarea eta GSM teknologia mugikorra ditugu… (horiek gabe bizi gintezke? Bizi nahiko genuke?...) Bi hamarkadatan gure mapa genetikoa aurkitu dugu beste espezieen maparekin batera; klonazioaren lehen pausuak Dolly ardiaren bitartez ezagutu ditugu, eta bioteknologiaren eskutik etortzear dagoen nekazaritza eta abeltzaintzaren alorreko aldaketaz ohartu gara. Elikadura eta osasun alorretan zientziak berebiziko garrantzia du eta ez da erraza ulertzea zergatik ez dugun informazio gehiago eskuartean; eta hori gutxi balitz, horiei buruzko eztabaidetan aurreiritzi erlijioso eta ideologikoek arrazoia baino pisu handiagoa dute, ahaztu gabe hori guztia gizakiaren oinarrizko eskubideak kontutan hartzen ez dituen globalizazioaren testuinguruan gertatzen dela: gu bezalakoak diren 3/4ak gaixotasunen menpe, gosez eta pobrezian bizi dira, gainontzeko %25arengan inolako ardurarik sortu gabe. Gauero Nazioarteko Egoitza Espaziala ikus daiteke zeruan astro argitsu baten moduan; 2000. urtetik gizaki batzuk modu iraunkorrean gure planeta orbitatzen dute. Lurraren gainazaletik 400km-ra besterik ez badaude ere, metafora gisa Marten baleude bezala funtzionatzen du. 60. hamarkadan askok amestu genuen “Espazio-garai” honetan, hasieran, Ilargira iritsi nahiean amerikar eta sobietarrak aritzen ziren lehian. Orain aldiz, badirudi Txinatarrak dabiltzala Ilargira bueltatu nahiean, eta espaziora joateko bidai pribatuak segidan jarriko dira modan planetako aberatsenen artean. Paradoxa moduko bat da hau, mundu zentzugabe eta bidegabe honetako gertakari absurdua, gure ergelkeriaren islada. Beraz, egitear dugun ibilbidea agerian uzten du orain arte esandakoak; zientzia gurea dela ulertu behar dugu. Izan ere, gizatiarra den heinean gizakion alorreko ezer ez zaio arrotz eta horregatik zientzia gidatu behar duten interesek bakar batzuenak direnak alboratu behar ditu eta urrunago begiratu behar dute. Zientziaren aldaketa boterea gure armarik baliotsuenetakoa da, baina erabiltzen ikasten ez badugu eta interes gizatiarragoek gidatzen ez badute, bidea alferrikakoa izanen da. Edo are okerrago, bide suizida batean izanen gara.

Javier Armentia eta M. Karmele Gomez

Oharra: Testu hau Paz de Ziganda ikastolak argitaratzen duen “Leihotik” aldizkariaren 37. zenbakian argitaratutakoaren moldaketa da.   “Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du” KZJaia

#KulturaZientifikoa Jaialdia 2014ko urtarrilaren 8tik martxoaren 31 arte!

#KulturaZientifikoa Jaialdia hainbat esparru eta jakintza arloko pertsonak/talde biltzeko ideiarekin proposaturiko ekimena da. Ideia kaleratu zenetik, 100 pertsona/talde/erakunde inguruk bat egin dute Jaialdiarekin, eta 1. Jaialdia antolatzeko lekukoa Zientzia Kaiera blogak hartuko du. Hementxe duzue dokumentu partekatua, jaialdiaren inguruko xehetasunak jasotzeko. Ekimenari hasiera Zientzia Kaiera blogak emanen dio urtarrilaren 8aren inguruan. 1. Jaialdia martxoaren bukaera arte luzatuko da, eta gero Zientzia Kaierak lekukoa beste blog/webgune bati pasako dio.  

Volver al listado

Destacados

Comprar entradas
Jardín de la Galaxia

Utilizamos cookies propias y de terceros para los siguientes fines:

Para configurar las cookies que se instalen en su equipo marque o desmarque las distintas opciones de cookies y posteriormente clique el botón "Guardar preferencias".
Al hacer clic en el botón "Aceptar todas las cookies", acepta la instalación de todas las cookies.
Igualmente, con el botón "Rechazar cookies" deniega el uso de todas ellas.
Pinche aquí para obtener más información sobre nuestra Política de Cookies.