AURKEZPENA
Zientzia eta ingurumen-dibulgazioko proiektua. Hezkuntza-entitate, kolektibo eta irabazi asmorik gabeko elkarteek parte hartu dute jarduera honetan.
Iruñeko Udalak Planetarioaren laguntzarekin lorategi berezi bat eraiki du Yamaguchi Parkean. Udalaren Lorategietako Zerbitzuak hautatutako 500 zuhaixka baino gehiagok Esne Bidearen landarezko irudikapena osatuko dute. Zuhaixka bakoitzak Galaxiako eremu zehatz bat ordezkatuko du bere izar, nebulosa, kumulu eta ezaugarri guztiekin.
BABESLETZAK
Galaxiaren Lorategia 2017 ekainaren 9an ateak ireki zituen, lehenbiziko babesletza fasearen ondoren. Tarte horretan hezkuntza-entitate, kolektibo eta irabazi asmorik gabeko elkarteek 300 zuhaixka baino gehiago babestu zituzten "kosmosaren lorezainak" bihurtuz. Jarduera horretan Lorategien Udal Zerbitzuaren aholkularitza zein Iruñeko Planetarioko irakasle-taldearen informazio galaktiko guztia lagun izan zuten.
Ikastetxe, talde eta elkarteak zuhaixka bat babesteko beheko galdetegia osatzea beharrezkoa da. Jarduera hitzaldi batekin hasiko dugu, ondoren, lorategian paseotxoa egin eta azkenik, talde bakoitzak bere zuhaixkaren ondoan argazkia aterako du. Ekitaldia larunbat goiz batean eginen da, euskaraz eta gaztelaniaz. Ordu bateko iraupena izanen du gutxi gora behera eta doakoa da.
Zuhaixka babesteko bi eredu mota daude. Aurrez-aurreko babesletza (planetarioko ekitaldira etortzea eskatzen duena) eta babesletza ordezkatua (bertaratu ezin direnentzat). Aurrez-aurreko babesletza hautatzen dutenei, mezu elektroniko baten bitartez jakinaraziko diegu zein egunetan etorri behar duten eta etorri ezin direnen kasuetan, lorezainek edota planetarioko langileek parte hartuko dute argazkian (lehenbiziko fasean egin bezala).
AURKITU ZURE ZUHAIXKA!
Zuhaixka bat babesteak ikastetxe, talde edo elkarteen izena Udalaren Lorategietako Zerbitzuak hautatutako landareari ematean datza. Zenbait talde zuhaixka landatzera etorri dira eta beste batzuk ordezkatutako babesletza hautatu dute, modu honetan, zuhaixkaren landaketa udaleko zein planetarioko langileen eskuetan utziz. Ereduaren jatorrizko sortzailea Jon Lomberg da eta egokitzapena Udalaren Lorategietako Zerbitzuak gauzatu du.
Datozen hilabeetan estreinatuko dugun pelikula berriaren trailerra duzue honako. Inaxiok galaxiaren lorategia zaintzen du.