170 ikaslek zientzia eta teknologiaren inguruan 40 proiektu aurkeztu dituzte Teknozientzia Azokan

2022/04/09

Nafarroako 14 ikastetxetako gazteek 40 zientzia-proiektu aurkeztu dituzte apirilaren 9an, Baluarten.

Ikerketa-zentroetarako bisitak jaso dituzte ikastetxeek errekonozimendu gisa, eta parte-hartze diplomak ikasle guztiek.

 

Iruñea, 2022ko apirilaren 9an.Teknozientzia Azoka gaur, apirilak 9, ospatu da Iruñeko Baluarten, eta gazteek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izan dute. Azoka goizeko 10:00etan ireki da Nafarroako agintari eta beste ordezkarien agurrarekin. Bertan izan dira Agurtzane Martínez Ortigosa, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza Saileko zuzendaria; Paula Noya López, NICDOko azpiegituren zuzendaria; Diego Garrido Vidal, Aditech-eko zuzendaria; Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko zuzendaria; Eneritz González Fernández, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara atalburua, eta Danel Solabarrieta Arrizabalaga, Elhuyar Zientzia Azokako arduraduna. Arnaitz Fernandez Elias meteorologoa izan da saioaren aurkezlea.

Goizean zehar, 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 40 proiektu zientifiko erakutsi dituzte Baluarteko erakusketa-aretoan. Guztira 170 ikaslek hartu dute parte; horietatik % 56 neskak izan dira eta % 44 mutilak. Saioaren amaieran, gazteek parte-hartze diplomak jaso dituzte eta ikerketa-zentroek eskainitako bisitak banatu dira parte hartu duten ikastetxeen artean: Biurdana BHI, C. Luis Amigó, C. Sagrado Corazón, C. San Cernin, Garralda DBHI, IES Barañain, IES Basoko, IES Navarro Villoslada, IES Padre Moret - Irubide, IES Plaza de la Cruz, Liceo Monjardin, Otsagabia BHI, San Fermin Ikastola eta Zangozako Ikastola.

Teknozientzia Azoka STEM Planeta programaren bitartez antolatu da. Programa honek Iruñeko Planetarioaren eta Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bultzada du eta proiektuaren helburua STEM (ingeleseko sigletatik zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) zer den ezagutaraztea da, arlo horietan orokorrean ikasleen artean bokazioak sustatzeko, eta bereziki, nesken grina pizteko.

Teknozientzia azokaren helburuak dira, batetik, Bigarren hezkuntzako ikasleek proiektu zientifikoak eta teknologiak publikoarekin partekatzea, eta, bestetik, gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea. Azpimarratzekoa da proiektuan zehar Nafarroako ikertzaileek duten parte-hartzea eta proiektu honekin izan duten konpromisoa; gazteen proiektuen aholkulari izan dira. Era berean, Teknozientziak ADItech-en, SINAIren koordinatzailea, laguntza jaso du Nafarroako ikerketa-zentro edota enpresetan gazteei esperientzia-bisitak eskaintzeko. Zentro hauetarako bisitak jaso dituzte ikastetxeek: Aldakin, CENER, CIMA, CNTA, CSIC-IdAB, Gamesa, Naitec, NavarraBiomed eta UPNALab.
 

Teknozientzia azoka eta Euroeskualdea

Euskadi-Akitania-Nafarroako Euroeskualdea deialdiko proiektua da Teknozientzia. Bere helburua da STEAMNET zientzia-azoken sarea garatzea. Euskadiko, Akitaniako eta Nafarroako hiru erakundek (hurrenez hurren, Elhuyar Zientzia Azoka, Kanboko Xalbador kolegioa eta STEM Planeta) bat eginda garatzen ari diren proiektua da.

Hauek dira proiektuaren helburu orokorrak:

  • Gazteei bizipenak eta mugikortasun-aukerak eskaintzea zientzia eta teknologiarekin lotuta, eta aukera-berdintasunak bermatuta.
  • Gazteek ikerketan eta proiektu teknologikoetan jardutea.
  • Tokian egiten den ikerketa gerturatzea.
  • Gazteen arteko esperientzia-trukeak ahalbidetzea.
  • Gazteek ikertzaileen lana lehen eskutik ezagutu ahal izatea.
  • Gazteen ekintzailetasunean eta ahalmentzean eragitea.
  • Hizkuntza-gaitasunak lantzea.
  • Herritarren kultura zientifikoa areagotzea, gizarte kritiko eta irizpidedun baten mesedetan.

Apirilaren 2an egin berri da Kanboko Xalbador kolegioko zientzia-azoka, apirilaren 9an Iruñean Teknozientzia azoka ospatu da, eta ekainaren 2tik 4ra izango da Elhuyar Zientzia Azoka, Bilbon.

Teknozientzia azokak, besteak beste, Euroeskualdearen eta Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT) laguntza jaso du.

Teknozientzia azokaren babesleak:
Nafarroako Gobernua, NICDO, Iruñeko Planetarioa, STEM Planeta, Elhuyar.

Teknozientzia azokaren kolaboratzaileak:
ADItech, Aldakin, CENER, CIMA, CNTA, CSIC-IdAB, Siemens-Gamesa, Naitec, NavarraBiomed eta UPNALAB.

170 ikaslek zientzia eta teknologiaren inguruan 40 proiektu aurkeztu dituzte Teknozientzia Azokan

Zerrendara itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.