Bigarren Hezkuntzako berrogei bat ikaslek UPNAko ikertzaile gazteen aholkularitza jaso dute Planetarioan

2018/03/15

Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzen ari diren Nafarroako hiru ikastetxetako DBH eta Batxilergoko berrogei bat ikaslek (Leitzako Amazabal BHI, Noaingo Elortzibar BHI eta Atarrabiako Pedro de Atarrabia ikastola) zientzialari gazteen arteko ‘Parekoen topaketan’ parte hartu dute martxoak 14an, asteazkena, Iruñeko Planetarioan. Topaketaren helburua da NUPko ikertzaile gazteek ikasleekin proiektuak partekatzea. Ekimen honek, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Unibertsitatearen, Planetarioaren eta Zientziaren Lagunen Klubaren laguntza du.

"Parekoen topaketa" izeneko saioaren inaugurazioan izan dira, besteak beste, Maria Gil Rodriguez Elhuyar Fundazioko Zientzia Unitateko arduraduna, Pablo Sanchis Gúrpide UPNAko Ikerketa Baliabideen eta Ikerketa Egituren Arloko zuzendaria, Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko zuzendaria, eta Nieves Gordón Zientziaren Lagunen Klubeko zuzendaritzako kidea.

Unibertsitateko atarian dauden ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar Elhuyarren Zientzia Azoka ekimenerako, eta gaurko topaketan unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jaso dituzte. 12 eta 18 urte arteko nafar ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) sail desberdinetako 9 ikertzaile, bekadun eta doktoregai gazteren aholkularitza jaso dute. Laguntza hori baliagarri izango zaie beren lanak prestatu eta jendaurrean erakusteko Bilboko erdigunean antolatutako azokan, apirilaren 21ean, EAEko beste ikasleekin batera.



Esperientzia aberasgarria

Zientzia Azokako parte-hartzaileek bi eta lau ikasle arteko talde txikiak osatzen dituzte, eta berek aukeratutako gai baten inguruan egiten dute lan. Elhuyarrentzat, ekimen honen antolatzailearentzat, ez da lehiaketa bat, talde-lanean oinarritutako esperientzia aberasgarri bat baizik. Iruñeko bilkura honetan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek beren proiektuei buruz hitz egin ahal izan dute, soziologiari, informatikari, kirolari, mikrobiologiari, osasunari eta ingurumenari lotutako proiektuei buruz, UPNAko ikertzaile gazteekin, eta, hala, ikerketarekiko konpromisoa areagotu dute.

Aurtengo Zientzia Azokan, Nafarroako 70 gazte ari dira parte hartzen; izan ere, topaketan izan diren ikastetxeez gainera, Zangozako ikastolako ikasleak eta Zizurko IES Zizur BHI ikastetxeak ere ari dira proiektuak prestatzen.

Lau erakunde antolatzaileen (Elhuyar Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Kluba) helburua da ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sare bat sortzea foru-erkidegoan, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.

Elhuyar Fundazioa 1972an sortu zen, eta EAEn du egoitza. Zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren eta euskararen garapenaren alde jarduten duen irabazi asmorik gabeko erakunde bat da.

 

Proiektu hau www.stemplaneta.eus programaren baitan dago. 

Bigarren Hezkuntzako berrogei bat ikaslek UPNAko ikertzaile gazteen aholkularitza jaso dute Planetarioan

Zerrendara itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.