Nafarroako 6 ikastetxetako 62 gaztek eta 18 ikertzailek hartu dute parte Parekoen topaketa ekimenean

2021/03/25

Elhuyarrek antolatu du online saioa, STEM Planetaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

Batetik, gazteek Elhuyar Zientzia Azokan garatzen ari diren proiektuak aurkeztu dizkiete ikertzaileei, eta, bestetik, ikertzaileek beren lanaren berri eman diete gazteei.

STEM profesionalak ezagutzea eta ikerketarekiko konpromisoa handitzea da helburua.
 

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean. Nafarroako gazteak eta Euskal Herriko ikertzaileak elkartu dira gaur goizean, Elhuyarrek, STEM Planetaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, antolatutako “Parekoen topaketa” izeneko online saioan. 11:30ean hasi eta 13:00etara bitartean, ikasleek eta ikertzaile gazteek elkar ezagutu, proiektuak partekatu eta horiek hobetzeko oharrak egin dizkiote elkarri. Ekimenaren helburua bikoitza da; batetik, STEM profesionalak ezagutzea eta, bestetik, Nafarroako foru-erkidegoan ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sarea indartzea da, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.

Gaurko saioa Elhuyar Zientzia Azoka ekimenari lotua dago, eta azokan parte hartzen ari diren Nafarroako ikastetxeetako gazteak izan dira topaketa honetara batu direnak. Guztira, 6 ikastetxetako (DBHI Otsagabia, Garralda DBHI, IES Barañáin, IESO Roncal-Erronkari DBHI, San Fermin ikastola, eta Zangozako Ikastola) 62 gaztek (24 neska eta 38 mutil) 18 proiektu aurkeztu dituzte (10 euskaraz eta 8 gaztelaniaz). Ikertzaileei dagokienez, 18 izan dira guztira: Nafarroako ikertzaileak, STEM Planetaren mentore-sareko kideak, eta Elhuyar Zientzia Azokako ikertzaile boluntarioak; guztira 13 STEM emakumek eta 5 gizonek hartu dute parte.

Zientzia eta teknologia sustatzeko beharra

Azken urte honetan inoiz baino ageriago geratu da zenbaterainokoa den eraldaketa sozialaren eta zientziaren eta teknologiaren aldeko apustuaren beharra. Denon erronka da hori: hezkuntza, familia, enpresa zein eragile eta instituzio politikoak. Bide hori, ordea, berdintasunetik egin behar da, besteak beste, gazte-gaztetatik STEAM (ingeleseko sigletatik: zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematika) gaiekiko interesa piztearen eta STEM profesional emakumeen presentziaren alde eginez.
 

Elhuyar Zientzia Azoka, laster hamar urte

Elhuyar Zientzia Azokaren 9. edizioa da aurtengoa. 2013an lehen edizioa egin zenetik, gaur arte, 12-18 urte bitarteko 6.000 bat gaztek hartu dute parte. Lehia alde batera utzi eta talde-lana sustatzeko eta bizipen aberasgarriak eskaintzeko asmoz, gazteek talde txikitan elkartuta ikerketa-proiektuak edo proiektu teknologikoak egiten dituzte, ikasturte-amaieran Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian aurkezteko.

Ikasturteko prozesu horretan, gazteek, Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sarearen konpromisoari esker, Elhuyar Zientzia Azokako kolaboratzaile-sareko ikertzaile profesionalak izaten dituzte bidelagun, lana bideratzen laguntzeko. Horrek guztiak aukera ematen die ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko.

Azken urteotako lanak ordain ezin hobea izan du, Elhuyar Zientzia Azokak STEAM Euskadi saria jaso baitu 2020an, STEAM hezkuntzako proiektu berritzaileenaren kategorian. Gazteek ikasturte osoan eskura dituzten bizipen zientifikoak antolatzeko lana eta prozesua saritu dituzte haren bidez.

Elhuyar Zientzia Azokako aurreko edizioen inguruko informazio gehiago: https://zientzia-azoka.elhuyar.eus/eu/inspiraziorako-baliabideak/proiektuen-txostenak

Ekintza hau posible izan da erakunde eta entitate hauen laguntzari esker:

  • Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa
  • Eusko Jaurlaritza
  • Bilboko Udala
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Erabi

Eta Euskal Herri osoko Unibertsitateen (EHU, MU, Deustuko unibertsitatea, UEU, UPNA, Digipen), zentro teknologikoen (Ikerbasque, Tecnalia, Neiker, CICnanogune, CFM, DIPC, BCMaterials), Espainiako eta Europako beste zientzia-azoken eta zientziako beste zenbait entitateren (Bizkaia Talent, Ciencia en Acción, TZBZ) kolaborazioari esker.
 

Erakunde sustatzailea



Babesleak

 

Kolaboratzaileak

 

Nafarroako 6 ikastetxetako 62 gaztek eta 18 ikertzailek hartu dute parte Parekoen topaketa ekimenean

Zerrendara itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.