Nafarroako gazteek 40 zientzia-proiektu erakutsiko dituzte Iruñean, Baluarteko Teknozientzia azokan

2022/04/07

Nafarroako 15 ikastetxetako gazteek 40 zientzia-proiektu aurkeztuko dituzte apirilaren 9an, Baluarten.

Ikerketa-zentroetarako bisitak jasoko dituzte ikastetxeek errekonozimendu gisa, eta parte-hartze diplomak ikasle guztiek.

Iruñea, 2022ko apirilaren 7an. Teknozientzia Azoka datorren larunbatean, apirilak 9, ospatuko da Iruñeko Baluarten, eta gazteek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izanen dute. Azoka goizeko 10:00etan irekiko da Nafarroako agintari eta beste ordezkarien agurrarekin. Bertan izanen dira Agurtzane Martínez Ortigosa, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza Saileko zuzendaria; Paula Noya López, NICDOko azpiegituren zuzendaria; Diego Garrido Vidal, Aditech-eko zuzendaria; Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko zuzendaria; Eneritz González Fernández, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara atalburua, eta Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyarreko STEAM Hezkuntzaren Arlo-arduraduna.

Goizean zehar, 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 40 proiektu zientifiko erakutsiko dituzte Baluarteko erakusketa-aretoan. Saioaren amaieran, gazteek parte-hartze diplomak jasoko dituzte eta ikerketa-zentroek eskainitako bisitak banatuko dira parte hartu duten ikastetxeen artean: Amazabal BHI, Biurdana BHI, C. Luis Amigó, C. Sagrado Corazón, C. San Cernin, Garralda DBHI, IES Barañain, IES Basoko, IES Navarro Villoslada, IES Padre Moret - Irubide, IES Plaza de la Cruz, Liceo Monjardin, Otsagabia BHI, San Fermin Ikastola eta Zangozako Ikastola.

Teknozientzia Azoka STEM Planeta programaren bitartez antolatu da. Programa honek Iruñeko Planetarioaren eta Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bultzada du eta proiektuaren helburua STEM (ingeleseko sigletatik zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) zer den ezagutaraztea da, arlo horietan orokorrean ikasleen artean bokazioak sustatzeko, eta bereziki, nesken grina pizteko.

Teknozientzia azokaren helburuak dira, batetik, Bigarren hezkuntzako ikasleek proiektu zientifikoak eta teknologiak publikoarekin partekatzea, eta, bestetik, gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea. Azpimarratzekoa da proiektuan zehar Nafarroako ikertzaileek duten parte-hartzea eta proiektu honekin izan duten konpromisoa; gazteen proiektuen aholkulari izan dira. Era berean, Teknozientziak Aditech-en laguntza jaso du Nafarroako ikerketa-zentro edota enpresetan gazteei esperientzia-bisitak eskaintzeko.

Teknozientzia azoka eta Euroeskualdea

Euskadi-Akitania-Nafarroako Euroeskualdea deialdiko proiektua da Teknozientzia. Bere helburua da STEAMNET zientzia-azoken sarea garatzea. Euskadiko, Akitaniako eta Nafarroako hiru erakundek (hurrenez hurren, Elhuyar Zientzia Azoka, Kanboko Xalbador kolegioa eta STEM Planeta) bat eginda garatzen ari diren proiektua da.

Hauek dira proiektuaren helburu orokorrak:

  • Gazteei bizipenak eta mugikortasun-aukerak eskaintzea zientzia eta teknologiarekin lotuta, eta aukera-berdintasunak bermatuta.
  • Gazteek ikerketan eta proiektu teknologikoetan jardutea.
  • Tokian egiten den ikerketa gerturatzea.
  • Gazteen arteko esperientzia-trukeak ahalbidetzea.
  • Gazteek ikertzaileen lana lehen eskutik ezagutu ahal izatea.
  • Gazteen ekintzailetasunean eta ahalmentzean eragitea.
  • Hizkuntza-gaitasunak lantzea.
  • Herritarren kultura zientifikoa areagotzea, gizarte kritiko eta irizpidedun baten mesedetan.

Apirilaren 2an egin berri da Kanboko Xalbador kolegioko zientzia-azoka, apirilaren 9an Iruñean Teknozientzia azoka ospatuko da, eta ekainaren 2tik 4ra izango da Elhuyar Zientzia Azoka, Bilbon.

Teknozientzia azokak, besteak beste, Euroeskualdearen eta Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT) laguntza jaso du.

Teknozientzia azokaren babesleak:
Nafarroako Gobernua, NICDO, Iruñeko Planetarioa, STEM Planeta, Elhuyar.

Teknozientzia azokaren kolaboratzaileak:
Aditech, Aldakin, CENER, CIMA, CNTA, CSIC-IdAB, Siemens-Gamesa, Naitec, NavarraBiomed eta UPNALAB.

Nafarroako gazteek 40 zientzia-proiektu erakutsiko dituzte Iruñean, Baluarteko Teknozientzia azokan

Zerrendara itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.