Planeta STEM proiektua aurkeztu da, ikasleen artean zientziarako bokazioa sustatzea xede duena, batez ere nesketan

2018/01/30

2018an, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendaritza nagusiak 100.000 eurorekin finantzatuko du programa, aurreko ekitaldian 86.000 euro bideratu ondoren.

Programa hori martxan jarri da ikusi delako jaitsi egin direla aipatutako diziplinetako unibertsitate-matrikulak, eta bereziki nabarmentzekoa da diziplina horiek goi-mailako ikasketak egiteko hautatzen dituzten nesken kopurua ere jaitsi egin dela —Unibertsitate Publikoko bost ingeniaritza-espezialitateetan, inoiz ez dira % 25 baino gehiago izan—.

Are neska gutxiago matrikulatzen dira alor horiei lotutako lanbide-heziketako espezialitateetan.

Gainera, badira gizartean estereotipo batzuk emakumeak arlo teknologikoekin lotzea zailtzen dutenak, eta proiektu honekin desmitifikatu egin nahi dira uste faltsu horiek.

Azken 20 urteetan, jakina da zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken alde egiten duten lurraldeek besteek baino baldintza hobeak dituztela ekonomikoki garatzeko eta berritzeko, eta Planeta STEM proiektuak tresna bat izan nahi du bereziki gazteenei eta, oro har, gizarteari helarazteko eta erakusteko arlo horiek duten balio soziala.

Ayerdik azaldu duenez, proiektua Nafarroako Gobernuaren Zientzia eta Teknologia Planean sartzen da, lehenengo hezkuntza-mailetatik sormena, bikaintasuna eta ekintzailetza sustatzera bideratutako atalean:

"Hezkuntza bereziki garrantzitsua da. S3k lehiakortasun-faktoretzat hartzen du. Populazio aktiboaren % 28k goi-mailako titulu bat izan dezan eta arlo zientifiko eta teknologikoan lan egin dezan lortu nahi dugu. Azken urteetan, nabarmen jaitsi dira ingeniaritzako ebaketa-notak eta izen-emateak; horrek esan nahi du etorkizunean profesional gaitu gutxi egongo direla diziplina horietan".


 

Ezagutu, jardun, hautatu.

 

Planeta STEM programa hiru zutabetan egituratzen da:

jakitea zer diren ZTIM diziplinak; haietan jardutea, ulertzeko nola jartzen diren martxan errealitatean; eta, hala, ikasketa horietako bat hautatzea, erabakitze-prozesu batean gertatzen den antzera.

Programaren xede-taldea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako neska-mutilak dira, berehala hautatu beharko baitituzte graduko ikasketak, baina kontuan hartu nahi ditugu, halaber, txikienak —haiek izango dira etorkizuneko teknologoak—, familiak, hezkuntza-komunitatea eta, oro har, gizartea, tradizionalki "gogortzat" edo "zailtzat" jo izan diren diziplinak modu atseginean uler daitezen sustatzeko.

EZAGUTU atalean, tailerrak, hitzaldiak eta bisitak ari dira prestatzen, eta haiek egingo dituzten jagoleek beren lanarekiko pasioa transmitituko diete ikasleei; ikasleek, berriz, zuzenean ikusi eta galdetu ahal izango diete sektoreko profesionalei.

Alde horretatik, enpresei parte harraraztea da xedea, haiek aprobetxatuko baitituzte etorkizunean talentu berriak. Halaber, zenbait jardunaldi egingo dira irakasleekin, ezagutzera emateko zer den ZTIM, eta proiektuko jarduerak eskola guztietara hedatzeko. Programaren sare sozial propioak funtsezkoak izango dira zeregin horretan, eta ikasleengana iristeko modu egoki bat izango dira.

JARDUN atalean, jarduera ugari proposatu dira jada.

Egin berri den Global Game Jam 2018 ekitaldiaren ondoren —hor, esperimentatu eta dibertitu egiten da jolas originalak garatuz—, otsailaren 4an, First Lego League Navarraren hamargarren ekitaldia izango da; hezkuntza-prozesu horretan, 6 eta 16 urte bitarteko haurrek irtenbide berritzaile bat sortu behar dute mundu errealeko erronka batentzat. Ikerketaren, zientziaren eta robotikaren bidez, irtenbide berritzaile bat eman beharko diete arazo zientifikoari eta robotaren erronkari gai horri lotutako egoera batean.

Planeta STEM proiektuak eskolaz kanpoko jarduera teknologikoak ere eskaintzen dizkie 8 eta 12 urte bitarteko haurrei ikasturteko ostegunetan, robotika (LEGO eta Arduino), Scratch-ekiko programazioa, 3D-ko modelaketa eta inprimaketa, eta Interneteko eta sare sozialetako segurtasuna ikasteko, ikaskuntza eta konpromiso soziala uztartzen dituen ikaskuntza/zerbitzua metodologiarekin.

Gainera, tailer zientifiko eta teknologikoak eskaintzen dira, zientzian eta teknologian esperimentatzeko eta sakontzeko, eta izenburu hauek dituzte, besteak beste:

¡ Experimenta!, Taller de astronautas robóticos, Campamento astro-primaveral, Campamento de sumo robótico, Misión: Cuidar la Tierra, Robótica con Arduino y Scratch: conociendo los mBot, ¡Ciencia Ficción!, Campamento Astroveraniego: Curiosidades y sorpresas del Universo, Talleres en familia de de Lego Programación gráfica de Arduino, Noche de Halloween en el Planetario, Modelado e impresión 3D: Diversidad Impresa . Gai zientifikoko antzerki-tailer bat ere eskaintzen dugu, non haurrek osoki sortzen baitute antzezlan bat (gidoia, jantziak, agertokiaren muntaketa…).Hurrengo jarduerak STEM Agenda atalean kontsultatu daitezke.

Bestalde, Tecnociencia jardueraren xedea da ikasle ez-unibertsitarioengan teknologiarekiko interesa piztea eta haien bokazio zientifiko eta teknologikoa sustatzea.

Aurtengo ekitaldian, Marteko esplorazioan ikasitakoa Lurrean desgaitasuna duten pertsonentzako erabilera bati aplikatzea lortu nahi da.

Proposatzen da, orobat, ekitaldi hauetan jardutea: Zientzia Azoka Elhuyar eta World Space Week(Espazioaren Mundu Astea, zientziari eta teknologiaren eta haiek giza baldintzak hobetzeko egiten duten ekarpenaren inguruko nazioarteko ospakizuna).

Azken hau Nazio Batuen Batzar Nagusiak izendatu zuen 1999an, eta urtero egiten da, urriaren 4tik 10era. 2017an bezala, ekitaldiak programatuko dira 2018ko asterako.

Code Week (Kodearen Astea) urriaren 6tik 21era egingo da, eta jarduerak antolatuko dira, 2017an bezala, Zientziaren Asteak ahaztu gabe, zeinak azaroan egiten baitira, zenbait erakundek sustatzen dituzten ekitaldien bidez.

Aurten, Planeta STEMek zenbait jarduera egingo ditu, eta Gaztelu Plazako inaugurazio-ekitaldian egongo da, stand txiki batean.

Jardun ondoren, HAUTATZEKO ordua iristen da, eta, horretarako, bisitak antolatuko dira enpresa kolaboratzaileetara DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleekin "ZTIM jagoletzaren" bidez, berariazko kanal bat sortuko da Youtuben, eskola- eta familia-materiala prestatuko da, eta, Iruñeko Planetarioko erakusketa-aretoan, "ZTIM txokoa" izeneko leku bat egongo da, informazioa eskatzera hurbildu nahi duen edonorentzat.

Txoko hori datozen asteetan egongo da erabilgarri.

 

Planeta STEM… Iruñeko Planetariotik

Proiektuak bere egoitza nagusitik hartu du izena, hots, Iruñeko Planetarioa zientzia- eta teknologia-zentrotik, eta hura arduratuko da Planeta STEM proiektuak bere lana zentroan zein handik kanpo garatzeko prestatuko dituen ekitaldiak, tailerrak, hitzaldiak eta ekintzak dinamizatzeaz.

Horretarako, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren bultzada izango du. Horri dagokionez, Ayerdik nabarmendu du "zientzia hedatzeko ekintzetan duen 25 urteko esperientzia. Sortu zenetik, urtean 20.000 haurrentzako eskola-kanpainak egiten ditu, % 35 Nafarroatik kanpo, eta horrek funtsezko erreferente bihurtzen du eskola-umeen, zientziaren eta teknologiaren artean".

Planeta STEM proiektuari buruzko informazio guztia www.planetastem.com webgunean jasoko da, eta han eguneratuko dira proiektuan egingo diren ekitaldi guztiak.

Planeta STEM proiektua aurkeztu da, ikasleen artean zientziarako bokazioa sustatzea xede duena, batez ere nesketan

Zerrendara itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.